parallax background

Irakasleria

Ixusko Ordeñana Gezuraga

Ixusko Ordeñana Gezuraga, EHUko Zuzenbide Prozesaleko irakaslea, UNED-Bergara eta UNED-Bizkaia Ikastetxe Elkartuetako tutorea.

Zuzenbideko ikasleentzako eskolak ematen ditu, gradu- zein master-mailan, hala Espainian nola atzerrian.

Gatazken jurisdikzioz kanpoko konponbideari buruz egin zuen Doktore Tesia, doktoregoko aparteko sariarekin aintzatetsia, Bostonen (Harvard), Ingalaterran (Oxford) eta Australian (Melbourne). Bere ikerketa ildo nagusiaren bidetik, 11 monografia (horietatik sei euskaraz) eta 50 artikulu baino gehiago idatzi ditu, eta beste hainbeste hitzaldi eman ditu. Hainbat arlotako bitartekaritza ikertu du, hala nola lana, familia, eskola, hipoteka, kooperatiba, zigorra eta konkurtsoa. Arbitrajeaz ere arduratu da, oro har, eta bereziki lan arlokoaz. Ikerketa ildo horrekin loturik, Sestaoko (Bizkaia) bake epailea da duela 15 urtetik eta bake-justiziaren oraina eta etorkizuna aztertu du, zeina gatazken judizioz kanpoko ebazpenarekin lotzen duen. Bi monografiatan eta artikulu ugaritan islatu ditu bere gogoetak.

Biktima, oro har, eta genero-indarkeriaren biktima bereziki, haren beste ikerketa ildo bat da, beken, atzerriko egonaldien eta maila goreneko ikerketa proiektuen bidez elikatu duena. Esparru horretan bi monografia eta liburu-kapitulu ugari eginak ditu. Prozesu zibilaren testuinguruan, kasazioa eta prozesuaren berezitasun autonomikoak landu ditu. Horren emaitza hainbat artikulu eta liburu kapitulutan agertu da.

Euskara juridikoaren eremuan, liburuak eta artikuluak hizkuntza horretan argitaratzeaz gain, legeen itzulpenean parte hartu du (Prozedura Zibila, Fiskaltzaren Estatutu Organikoa, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorra eta Espainiako Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorra), baita espainiera-euskara hiztegi juridiko tematikoetan esku hartu ere (Erregistro Ekonomikoen Hiztegia, Lan Arloko Prozedura, Prozedura Kriminala, Zigor Arloa eta Espetxe Zaintza). Duela gutxi, EHUko Zuzenbide Fakultateko Hiztegi Juridikoa koordinatu du.


Kolaboratzailea

Asmoz-Logo